martes, 1 de diciembre de 2009

Erraztasunak

Euskaraz idaztea ez da erraza. Hortik hasiko gara, ados?


Tira, agian ez. Barkatu, agian txarto planteatu dut abiapuntua: euskaraz irakurtzea da erraza ez dena.


Sarri sumatu dut, nire inguruan, Euskaraz idatzitako liburuak nekezak suertatzen direla. Hiztegia arrotza egiten da maiz, eta esaldiak luzeak, eta elkarrizketak antinaturalak, eta onomatopeiak gezurrezkoak. Erdarazko liburuak errazago irakurtzen dira, eta inork ez daki zehatz-mehatz zergatik.


Egia da, ez da egoera orokortu behar. Izatez, oraindik oroitzen dut Kutsidazu bidea, Isabel egun bakarrean irakurri nuenean. Baina aldi berean Lagun izoztua biderdian zenbatetan utzi ote dudan ez dut gogoratzen. Bai, kasu ezberdin asko daude, baina orokorrean idatzizko Euskara astunagoa bilakatzen da, zaila Gaztelaniara edo Ingelesa bezalako hizkuntzekin aldaratuta. Legediak ere ez du horretan batere laguntzen, egia esan. Behin eta berriz aldatzen dira lege semantikoak (“dira” esango dut, haiek bakarrik aldatuko bailira. Izen eta abizenak jartzeko lekua ez da hau). Lehen ondo zegoena orain txarto dago. Bizitza osoa "hitzegiten" hitza erabiltzen, eta orain nire zuzentzaile ortografikoak txarto nabilela dio, hitz-egiten idatzi beharko nukeela. Normala gazteriak, gero eta gehiago, gauzak esaten dituen moduan idazteko joera izatea. Eta hori "txarto" al dago? Nor gara gu zer dagoen ondo eta zer dagoen txarto esateko? Berdin dio zenbat urtez aztertzen dituen Euskara-Zuzentzaile-Txit-Gorenek hitz eta esaera bakoitza, ortografiarik egokiena (edota historikoena) aurkitzeko: nortzuk dira haiek "zure Euskarak ez du balio" esateko? Hizkuntzen funtzioa komunikatzea da, izan da eta izango da; beraz gauzak esaten dien modun idazten ditun euskerak zegatik ez dau balio biar? Berdin berdin balio biko luke ezta? Ala benetan uste du norbaitek "kar-kar" idatzirik barre bat imitatzeko gai garela? Benetan uste du norbaitek Euskara mota horrekin norbait identifikatzen dela? Gogoratzen dut García Marquez-ek Gaztelaniarako arauak baztertu behar zirela esan zuenean, h eta v/b-ren erabilpenari buruzkoak, batipat. Hizkuntza herri xumeari gerturatu behar zitzaiola. Gauzak erraztu behar zitzaizkiola. Jende askok esan zuen "Nor uste du tipo hori, halakorik esateko?". Erantzuna, apika, sinplea litzateke: "nor da gauza kontrakoa esateko? Norbaitek uste ote du egi absolutuaren jabe dela?" Guk, behintzat, ez. Hori bai, Labur ingurutatik, istorioak ahal bezain irakurterrazak egiten ahaleginduko gara. Zuzenak izango dira, eta errazak, eta laburrak, batez ere laburrak. Gaur egun irakurtzeko denbora gutxi daukan gizartean, zertarako luzatu gauzak? Hori izango da Laburrek izango duen helburu nagusienetarikoa. Eta horrek hurrengo galderara garamatza: zer da Labur? Baina hori beste baterako utziko dugu. Bestela, hau ere luzea litzateke, eta ez laburra. Eta hori hasiera txarra litzateke.

sábado, 24 de octubre de 2009

Banatzaileak

Banatzaileen mundua bitxia da. Liburu banatzaileei buruz nabil, nahiz eta diska eta bestelakoen mundua antzerakoa izango dela suposatzen dudan.

Inork ez du ezer ezagutzen haietaz (gehienok existitzen zirenik ere ez genekien) baina hortxe daude. Badirudi aparteko lanik egiten ez dutela, baina diru gehien irabazten dutenak beraiek dira. Haiek gabe bizi dezakegula dirudi... eta hala ote den ez daukat larregi argi.

Liburu bat argitaratu nahian nabil. Ezer berririk ez da. Webgune proiektu hau martxan jarri baino arinago egin nahiko nuke, aukeran. Nire burutik kentzeko eta gero bakarrik webgune kontutan zentratzeko (nahiz eta jakin badakidan hala ez dela izango). Eta mundu horretan sartu nahiean, hots, liburu bat argitaratzearen munduan sartu nahiean, banatzaileekin egin dut tupust.

Topo baino, tupust.

Banatzaileengana hurbiltzea ez da samurra. Haiek erabakitzen dute zer banatu eta zer ez. Auskalo zer kriterioren menpean. Gero, liburuaren balioaren %50a (gutxienez) beraientzako izango da. Ez liburuaren etekinaren %50, baizik eta liburudendako balioaren %50. Beste erdia, liburudendak, inprentak, argitaletxeak eta, agian, idazlearen artean banatu beharko litzateke.

Orduan, zera bururatzen zaizu: agian argitaletxe gabe bizi naiteke. Azken finean, argitaletxeek ez dute horrenbeste egiten.
Urrunago joanda, apika, liburudenda gabe ere bizi zaitezke; izan ere, zure liburua horren da ona ezen ahoz aho zabalduko da haren beharra eta jendeak zure etxera deituko du harengatik galdezka.
Gero, burura etortzen zaizu gaur egun internet sekulako herraminta dela eta agian, agian, inprenta gabe ere bizi zaitezkela. Tira, agian ohiko liburuak zahartuta daude eta zuk mundua eguneratuko duzu. Zuk bakarrik.

Eta, bide horretatik jarraituz, pentsatzen duzuna zera da, idazle gabe ere pasa zaitezkela. Hobe esanda, mundua idazle hau gabe ere bizi daitekeela.

Ea puntu horretara heltzen ez garen.